XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Polyporus brumalis Pers.: Fr.

Sin.: Polyporus trachypus Rostk.

Eusk.: Neguko onddo-ardagaia. Cast.: Poliporo de invierno. Cat.: Bolet de soca pedunculat.

Espezie saprofito hau arrunta da.

Neguan eta udaberrian ateratzen da, nahiz eta zenbait ale udazkenean ere ateratzen diren, hostozabalen eroritako enborretan, adarretan edo lurperatutako egurretan sortzen da.

Karpoforoak urtero ateratzen dira, banaka edo tartekatuta, txapela eta hanka ongi bereizia dute.

Txapelak 2-9 cm-ko diametroa du, hasieran ganbila da, gero zabaldua eta erdialdean sartua; ertza mehea du, beherantz barrura okertua, gingilduna eta ondulatua, zenbaitetan leuna.

Azala erraz askatzen da eta fieltro-itxurakoa da, zertxobait ezkataduna, lehorra eta gaztain-arre eta arre-gorrixka kolorekoa.

Himenioa txapelaren azpian dago eta 3 mm-ko luzera izan dezaketen hodiek osatzen dute, hankaren aldean dekurrenteak dira eta zurixkak, zahartzerakoan krema-okrexka bihurtzen dira;

poroak biribilkatuak edo arrautza-formakoak dira, 0,3-1 mm-ko diametroa dute eta hodien kolore berekoak dira, ertzetan txikiagoak eta biribilak dira eta beste aldeetan handiagoak eta arrautza-formakoak.

Hanka erdian du, zilindrikoa da, zenbaitetan oinaldean erraboilduna, bikortsu-ezkatatsua, txapelaren kolore berekoa edo zertxobait argiagoa, oinaldea kotoitsua eta zurixka du, zenbaitetan hexagono forma duten eta ilunagoak diren mailek estaltzen dute.

Mamia elastikoa da, larruaren antzekoa, zurixka eta perretxiko usainekoa, zaporea suabea edo azido samarra du.

Esporak zilindrikoak edo ia alantoideak dira, hialinoak eta ttanttadunak.

Garrantzi praktikoa: Espezie honek ez du interes gastronomikorik mamia oso gogorra eta larruaren antzekoa duelako.

Polyporus arcularius eta P. ciliatus (I. tomoa, 282. or.) antzekoak dira, baina lehenengoak esporak erronbo-formakoak edo hexagonalak ditu eta handiagoak.

Bigarrenak poroak bieibilkatuak ditu eta oso txikiak, eta hankak tigre-azal itxura du.